Geoparkea 3 egunetan
Geoparkea naturaz gozatzeko toki paregabea da, Flyscharen Ibilbidean eta Karstaren Ibilbidean barrena. Aire libreko hainbat eta hainbat aktibitatez gozatzeko aukera bikaina izango duzu bertan: mendi ibilbideak, BTT ibilbideak, zaldi irteerak, itsas irteerak, kayakak…
Tokiko tradizio eta kultura, antzinako ogibideak, ohiturak, kondairak, mitoak, etab. ezagutzeko ere toki bikaina da Euskal Kostaldeko Geoparkea. Gure gastronomiaz eta tokiko produktuez ere gozatuz disfrutatuko duzu gurean.
Geoparkea 3 egunetan ezagutzeko plan bat proposatu nahi dizugu:
1. eguna: Mutriku
- Mutrikuko Hirigune Historikoko galtzada-harrizko kale estuetan hasiko dugu bidaia. Gipuzkoan ondoen kontserbaturiko hirigunea da Mutrikukoa eta Monumentu Multzo izendapena du. Kale hauetan barrena, jauregi eta oinetxe historikoak ikusiko ditugu, gure begien gozamenerako. Konturatu gabe, portu zaharrera iritsiko gara. Bertan, kofradi zaharra ikustea gomendatzen dizuegu, aitzinean arrain enkantea egiten zen tokia. Bertan XX. mendeko enkante batean parte-hartzeko aukera izango duzu.
- Gozatu parrillan erretako arrain fresko eder batez, txakolinak lagunduta.
- Arratsaldean, Flyscharen Ibilbidean barrena, denboran bidaia zoragarri bat egitera gonbidatzen zaitugu. Mutrikuko Nautilus Ikasgunean hasiko dugu bidaia eta bertan amonite bilduma zoragarria topatuko dugu. Jarraian, portuan itsasoratuko gara eta segituan, gure begien aurrean, Mutriku Deba eta Zumaia bitarteko itsaslabarrek osatzen duten mundu zoragarri batekin topo egingo dugu. Lurraren historiaren enigma garrantzitsuak argituko dizkigun geologia liburu paregabea izango dugu aurrez-aurre.
2. eguna: Deba
- Deba Geoparkearen barnealderantz abiatzeko kostako herria da. Barnealdeko bailara hauek itsasaldearen kontrapuntua dira baina bi mundu hauek bertatik bertara daude. Bailara hauen artean, Debako Lastur nabarmenduko genuke, Gipuzkoako bailara ezkutatu eta ederrenetakoa. Bertan baserri munduko ohiturekin bat egingo dugu eta besteak beste, Plazaolako antzinako errotak, gaztandegia edota oihal tailerra ere ikusi ahal izango ditugu. Karstaren Ibilbidean barneratu gara jadanik. Kareharriaren higadurak sortutako paisaien mosaikoa da ingurune hau, antzinako garaietan itsaso tropikal batean azpian sortua. Inguru hau guztia izaki mitologikoen bizileku eta gure jatorriak ezagutzeko toki ezin hobea da.
- Tokiko produktuak dastatuz, bazkari tipiko batez gozatzea gomendatzen dizugu.
- Arratsaldez, Debako Santa Maria Eliza ezagutu ezazu, euskal gotikoaren harribitxia. Debako hirigune historikoaren bihotzean dagoen eliza honek bisitaria aho zabalik usteko ahalmena du. Kostaldeko herri izan da eta da gaur egun Deba eta bertako hondartza zein ibai inguruaz gozatzeko parada izango duzu.
3. eguna: Zumaia
- Zumaia ere Geoparkearen sarrera atea da. Bertako bisita kulturalak Zumaiako ondarearen elementu nagusiak erakutsiko dizkigu. San Pedro ermita ere bisitatuko dugu eta bertako kanpandorretik inguruko bista zoragarriez gozatuko dugu. Zuloaga Museoko bisita ere ezinbestekoa da. Antzinako ermita eta Santiago Bideko erromesen ostatu izan zen tokia gaur museo eder bilakatu da eta Zuloagaren obraren hainbat pieza eta bere bilduma pertsonala ere bertan daude ikusgai.
- Arratsaldez, Algorri Ezagutza Etxea ikustea gomendatzen dizuegu, flyscharen eraketa eta ingurune honetako natura ezagutzeko ezinbesteko bisita. Jarraian, Algorriko Puntarantz paseoa ere oso gomendagarria da, bertan, ilunsentiaz gozatzeaz gain planetaren azken extintzioaren arrastoak ere topatuko dituzu.
- Eguna amaitzeko omenaldi bat: Zumaiako hirigune historikoan barrena “pintxo” ederrak dastatzea proposatzen dizugu. Ez zara damutuko!




