Bidaia azkarra GeoParkean

Flysch: harkaitzen eta istorioen segida

Gipuzkoa mendebaldeko kostaldeko itsaslabar ikusgarriak altxor natural berezia dira: bata bestearen gainean jarritako geruza harritsuetan idatzitako milioika urteko historia geologikoa, itsasoaren etengabeko eraginaren ondorioz agerian geratu dena. Egitura bitxi hori flysch izendatu dute, kostalde osoa berezi bihurtzen duen elementua. Flyscheko geruzen sekuentziak 60 milioi urte inguruko sail ia etengabea osatzen du (duela 110 milioi urte ingurutik orain 50 milioi urtera arte, gutxi gorabehera), eta, sail horretan, Lurraren historiaren gertaera eta hondamendi garrantzitsuak seinala ditzakegu, mundu mailan gertatutako azken desagertze handia barne. Horregatik, zenbait geruza planetaren denbora geologikoaren nazioarteko erreferentzia izateak ez gaitu harritu behar.

Karsta: historiaurreko sekretuak

Kostako flyscharen alboan, lurraldeko barnealdean, karstaren mundua dago, kareharriaren higadurak sortutako paisaien mosaiko bat, aspaldi itsaso tropikal baten azpian eratua. Milioika urtean, urak zulo asko egin ditu harkaitzetan, eta zulo horiek gure arbasoentzako aterpe izan ziren duela milioika urte, klima zeharo hoztu zenean. Lurralde honetan hartz, orein, bisonte, zaldi, elur-orein eta bestelako animaliekin bizi ziren biztanle haiek, beren existentziaren eta artearen aztarnak utzi zituzten, eta haien antzinako sinesmen eta mitoen oihartzuna gaur eguneraino heldu zaigu.

Kultura eta tradizioa

Geoparkeak ondare arkitektoniko garrantzitsua dauka hiri eta landa guneetan –besteak beste, jauregiak, elizak eta baselizak–, baita ondare etnografiko eta kultural bikaina ere. Zumaian, Zuloaga museoa nabarmen dezakegu, margolariaren arte-bilduma erakusgai duena; Mutrikun, alde zaharra eta Bentalekua, itsasoaren eta hiribilduaren arteko loturaren gaineko museoa; eta, Deban, Santa Maria eliza, Gipuzkoako gotikoaren eta errenazimentuaren altxorra. Geoparkea tradizioekin, ohiturekin eta lurraldeko kulturarekin bat egiteko leku egokia da, baita antzinako lanbideak edo kondairak gogoratzeko ere. Gainera, gastronomia ezin hobeaz eta bertako produktuez goza dezakegu bertan.