Museoak
Zuloaga Museoa
Santiago Etxea Urola ibaiaren bokalean dagoen monumentu-multzo bat da, bere padura babestuaren eta izen bereko Kantauriko hondartzaren artean kokatua. Zuloagaren obra euskal margolariaren estudioan dago ikusgai; bere bilduma pribatuaren museo eta Santiagoko Bideko baseliza den tokian.
Aipatutako espazioek Ignacio Zuloagaren mihise garrantzitsuak biltzen dituzte, baita margolariak bere bizitzan zehar gorde zituen artelanak ere: El Grecoren Kristo gurutziltzatua (1590-1600), Goyaren Palafox jenerala (1808) eta Baenako kondesa (1800), Zurbaranen Santa Úrsula, Vicente Lópezek 1845ean pintatutako Martínez de la Rosaren erretratua, edo Luis Morales «El Divino»-ren XVI. mendeko Pietatea, etab. Rodinen eskulturak ere badira bilduma horretan, Deabrua eta haragia edo Gustac Mahler-en busto bat.
Santiagoko Bideko baselizan, Zumaiako eskultore eta Zuloagaren adiskide mina zen Julio Beobideren Kristo gurutziltzatua ikus daiteke, baita Quintín de Torreren Andre Maria Doloretakoa ere. 1910ean, Ignacio Zuloagak lehenengo lur eremuak erosi zituen; gerora izango zituen guztien hasierako lurrak, hain zuzen.
Pedro Guimón arkitektoari bere etxearen proiektuaren ardura eman zion, eta antzinako erromes ostatua eta museo ondoko baseliza museo bihurtu zituen. Museoa 1914an zabaldu zuen, eta bizi artean Zuloagak berak erakutsi zuen.
Bentalekua
Museo honetan, besteak beste, XX. mende hasierako makina bitxi bat dago, arrain-enkanteak antolatzeko erabili zena, ahots ozenez egiten ziren enkanteetan sortzen ziren eztabaidak konpontzen laguntzeko. Mota honetako egurrezko makinak ia erabat desagertu dira.
Museoan, Mutrikuri eta itsasoari buruzko erakusketa iraunkorra dago, hiribildu honen historiaren gainekoa, eta portuan izandako aldaketak, arrantzarako tresnak, eta abar ezagutu daitezke bertan.
XVI. mendean, Mutrikun, Arrantzaleen San Pedro Kofradixa sortu zen. Instituzio hori, marinelen gremioaren defentsarako sortua, bere kideei laguntza eta gizarte babesa emateko jaio zen: gaixotutako kofradeak laguntzen zituen, zaharrak, ezinduak, familiak, umezurtzak, eta abar. Denboraren poderioz, instituzioa konpetentzia garrantzitsuak eskuratuz joan zen, eta Mutrikuko portu-jardueraren ardatz bihurtzera iritsi zen.
Kofradiaren egoitza hainbat eraikinetan egon da. «Kofradia Zaharra» moduan ezagutzen den eraikinean, museo hau kokatzen da.
Hiribildu hau sortu zenetik, bere historia itsasoarekin lotuta egon da. Portua –balea-portua eta arrantza-portua, baita kortsario-portua ere– hiribilduaren ekonomiaren ardatza izan da historikoki. Mutrikuk, Kantauriko portuetatik antzinakoetarikoenak, oparotasun ekonomiko handiko garaiak ezagutu ditu; itsasotik eratorritako oparotasunekoak, betiere.




