Ohiko galderak
Zer da geoparke bat?
Europako geoparke bat ondare geologiko berezia duen lurralde batean kokatuta dago, eta lurraldearen garapen iraunkorrerako estrategia bat du, garapena sustatzeko Europako programa batean bermatua. Mugek ondo definituta egon behar dute eta lurraldearen benetako garapenerako behar adinako zabalera izan behar du. Europako geoparkeek kalitate zientifikoari, bitxikeriari, balio estetikoari edo hezitzaileari dagokienez garrantzitsuak diren geoleku kopuru jakin bat izan behar dute. Europako geoparkeen interes-puntu gehienek ondare geologikoaren parte izan behar dute, baina horien interesa arkeologikoa, ekologikoa, historikoa edo kulturala ere izan daiteke.
Nork kudeatzen du geoparkea?
Geoparkea Geogarapenek kudeatzen du, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Kudeaketarako Elkarteak. Euskadiko elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen babesean sortu zen, eta, 2009ko azaroaren 16an Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalek osatu zuten, kide sortzaile moduan.
Zein izan da Europako Geoparkeen Sarearen eta Munduko Geoparkeen Sarearen garapena?
Europako Geoparkeen Sarea (www.europeangeoparks.org), 2000. urtean sortu zenetik hona, garatu eta sendotu egin da eta, denbora tarte horretan izan duen bultzadaren ondorioz, gaur egun 15 herrialdetako 37 parkek osatzen dute. 2001ean, Europako Geoparkeen Sareak UNESCOko Lurraren Zientzien atalarekin lehenengo hitzarmen formala sinatu zuten. Horren bidez, erakunde horrek sareari babesa emango zion. 2004an, Munduko Geoparkeen Sarea osatu zen (GGN, www.globalgeopark.org). Egoitza Pekinen du, eta gaur egun 77 geoparkek osatzen dute, Europako 42ak barne hartuta (2011ko martxoko datuak).
Zein da Sarearen egitura eta antolaketa?
Europako Geoparkeen Sarea irekia eta demokratikoa da, eta kide diren lurralde guztietako ordezkariek zuzentzen dute. Bi egitura operatibok osatzen dute: Aholku Batzordeak (sareari erabakiak hartzeko eta estrategiak zehazteko aholkularitza ematen dio) eta Koordinazio Batzordeak (sarearen kudeaketaren ardura duen organoa). Egitura horien barruan, Europako Geoparkeen Sareko (EGN) koordinatzaile eta koordinatzaileorde karguak daude.




