Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europako Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzarra hartuko du martxoaren 16tik 19ra

2016-03-14

Lau egunez, Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako geokontserbazio eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da. Geoparkeen Europako Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak, UNESCOko goi ordezkariak eta nazioarteko adituak bilduko ditu.

Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean bilduko dira martxoaren 16tik 19ra, Geoparkeen Europako Sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzeko. Bilera hau bereziki garrantzitsua izango da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra izango baita UNESCOren izendapen berria jaso ondotik. Hain justu, pasa den azaroaren 17an hartu zuen Unescok erabakia, Parisen egin zuen bileran. Egunotan Geoparkean egingo den batzarraren helburua da Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea. 

Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi jatetxean egingo da, Deban.

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartuko ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbilduko dira gurera. Lau egunez Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan.

Aholkulari Batzordeko kideak, 12 lagunek osatua, martxoaren 16an elkartuko dira, hurrengo egunean hasiko den Koordinazio Batzarraren aurretik.

37. Koordinazio Batzarraren irekiera ekitaldia ostegunean, hilak 17, goizeko 9:00etan, egingo da, Salegi jatetxean (Itziar, Deba). Bertan izango dira, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailburua, Ana Oregi, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Markel Olano, eta Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak, Debako alkate eta Geoparkeko presidentea, Pedro Bengoetxea, Zumaiako alkatea, Oier Korta eta Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi.

Albaolara eta Donostiara bisita

Europako Kultur Hiriburutzarekin lotura izango du Batzar honek. Hala, martxoaren 17an Donostiara bisita egingo dute bildutakoek. Bertan Eneko Goia alkateak harrera egingo die Udaletxean eta DSS2016 ekmenaren berri emango die. Aurretik, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatuko dute.

Batzarrari larunbatean emango zaio amaiera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin. Bisita honetan, Geoparkean  egin diren kontserbazio jarduera ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Amaitzeko, gure kultura eta sustraitutako tradizioak ezagutuko dituzte. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen erakustaldiaz gozatu ahal izango dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europako Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzarra hartuko du martxoaren 16tik 19ra