Europako Geoparkeen Sarearen biltzarra Zumaiara, Debara eta Mutrikura egindako bisitarekin amaitu da

2016-03-20

Europako Geoparkeen Sarearen 37. Koordinazio Batzarra geure Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin amaitu da.

Ikusi argazki galeria / Park prirode Papuk (@Papuk_Geopark)

Twitter: #37EGNMeeting

Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean izan dira martxoaren 16tik 19ra, Europako Geoparkeen Sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzen. Bilera hau bereziki garrantzitsua izan da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra baita UNESCOren izendapena jaso ondotik. Hain zuzen ere, pasa den azaroaren 17an onartu zuen Unescok izendapen berria sortzea, Parisen egin zuen bileran. Lau egun horietan Geoparkean egin den batzarraren helburua izan da Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea. 

Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi jatetxean egin da, Deban.

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartu ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbildu dira gurera. Lau egunez, Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtu da Europan.

Europako Kultur Hiriburutzarekin lotura izan du, halaber, batzar honek. Hala, martxoaren 17an Donostiara bisita egin zuten bildutakoek. Bertan Eneko Goia alkateak harrera egin zien Udaletxean, eta Miren Azkarate udaleko Kultura zinegotziak DSS2016 ekimenaren berri emango zien. Donostiara joan aurretik, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatu zuten. Izan ere, Albaolan 16. mendeko baleontzi bat jendaurrean eraikitzen ari dira, San Juan baleontzia hain zuzen ere, eta UNESCOk proiektu honi bere babesa eman berri dio.

Batzarrari gure Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin amaitu da. Bisita honetan, Geoparkean  egin diren kontserbazio jarduera ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute partaideek eta  gure kultura eta sustraitutako tradizioak ere ezagutu dituzte. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen erakustaldiaz gozatu ahal izan dute.

Europako Geoparkeen Sarearen biltzarra Zumaiara, Debara eta Mutrikura egindako bisitarekin amaitu da